lunes, 13 de junio de 2011

Uda eta oporrak... eskerrik asko eta irailera arte!!

Ikasturte honetan asko dira Sugaarrek antolatu dituen ekintzak, eta ikasturtea jada amaituta dagoen honetan, gogora ekarri nahi ditugu:

- Abenduaren amaieran Sugaar Euskal Kultur Mintegiaren aurkezpen ekialdia egin genuen Deustuko Unibertsitatean. Taldearen aurkezpena egiteko tartetxo bat hartu genuen, eta bide batez Xabier Leteri omenalditxo bat egin genion.

- Santo Tomas egunean, kalejira bat egin zen Deustuko Unibertsitatetik Bilboko Alde Zaharrera, jaiarekin bat egiteko.

- Letren Astean SugaarQuiz! izeneko joko erraldoia antolatu genuen, eta Letren Fakultateko ikasleek parte hartu zuten.

- Martxoaren 31an 'Txikitasunaren handitasuna' izeneko ekitaldia egin genuen unibertsitateko paraninfoan, eta 200 pertsona inguru hurbildu ziren bertara. Ekitaldiaren ostean, lunch txiki bat ere izan genuen. Unibertsitateko euskaldun ugari bertaratu ziren.

- Korrika 17 ospatzeko, hainbat ekintza prestatu ditugu: aurkezpenak, Korrikan parte hartzea Bilbon eta Donostian...

Azkebik, eskerrak eman nahi dizkizuegu gure ekintzetan parte hartu duzuen guztioi, zuen laguntza behar-beharrezkoa izan baita. Orain oporretarako tartea dator, baina irailean gogo handiz ekingo diogu ikasturte berriari. Baditugu jada ikasturte berrirako proposamenak, eta desiratzen gaude den-denak zuekin konpartitzeko. Hori baino lehen, baina, merezitako oporrak hartuko ditugu, udan pilak kargatu eta indarberrituta bueltatzeko.

Oso ondo pasatu oporrak eta irailera arte!!

No hay comentarios:

Publicar un comentario