viernes, 27 de abril de 2012

"Euskarazko komunikabideen erronkak" hitzaldi-solasaldia, mundiala!

Kaixo, Sugaarlagunok!

Atzo, apirilak 26, "Euskarazko komunikabideen erronkak" hitzaldi-solasaldia egin genuen CRAI liburutegiko hitzaldi gelan.

Euskarazko komunikabideen orainari eta geroari buruz eztabaidatzeko, gonbidatu paregabe bi izan genituen gurean: Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Jose Anjel Aldai "Zure ziztada behar dugu" kanpainaren arduraduna.

12:00ak pasatxo zirela, Sugaarreko kide batek ekin zion hitzaldiaren aurkezpenari. Horren ondoren, Martxelok hartu zuen hitza, eta ia ordu batez, euskarazko komunikabideen historia eta nondik norakoak azaldu zizkigun, gaur egungo egoerara zelan heldu garen zehaztasunez aurkeztuz. Martxeloren ostean, Jose Anjel Aldairen txanda heldu zen, eta "zure ziztada behar dugu" kanpainaren berri eman zigun. BERRIA taldeak dituen erronkei aurre egin ahal izateko sortutako kanpaina honek irakurle eta babesleen ekarpen ekonomikoak lortzea du helburu.

Aurkezpen biak amaituta, galderak egiteko eta eztabaidarako tartea zabaldu genuen. Ikusleek modu aktiboak parte hartu zuten, eta eztabaida interesgarria piztu zen.

Hitzaldia bukatuta, argazki erraldoia atera genuen liburutegiko kanpoaldean. Argazki hau "zure ziztada behar dugu" kanpainaren http://berria.info/berrialaguna/ web orrian  argitaratuko da laster. Ekintza sinboliko horrekin gure babesa eman nahi izan diogu kanpainari, Sugaar EKM zein Deustuko Unibertsitateko komunitatea ere haien alde dagoela adierazteko. Amaitzeko, luntx txiki bat ere egon zen.

Parte hartzeari dagokionez, 100 pertsonatik gora batu ginen hitzaldi gelan. Uste dugu ospatzeko eta pozik egoteko modukoa dela horrenbeste jende biltzea lortu izana! Aukera ezinhobea izan zen euskarazko komunikabideen gainean hausnartzeko, egoera hurbiletik ezagutzeko eta etorkizunari buruz gogoeta egiteko.

Zorionak eta eskerrik asko, beraz, hurbildu zineten guztioi! Hitzaldiko zenbait argazki dituzue ikusgai behean, espero dugu zuen gustukoak izatea!

Hurrengora arte, ondo segi!

Sugaar EKM

                                         Argazki erraldoia liburutegiaren kanpoaldean


                                         Hitzaldiaren ikuspegia

                                          Martxelo Otamendi berbetan

                                         Hitzaldiaren panoramika osoa

No hay comentarios:

Publicar un comentario