miércoles, 21 de noviembre de 2012

Agur eta mila esker!

Hasten den oro amaitzen da. Bi ikasturte egon gara elkarrekin baina Sugaarri ere heldu zaio agur esateko ordua. Lerro hauen bitartez eskerrak eman nahi dizkiegu bi ikasturte hauetan zehar lagundu gaituzten guztiei, bereziki Deusto Campuseko partaideei (Deustu Elkartasuna, Deustu Kultura…), Euskal Gaien Institutuari, Euskal Irakaslegoari eta alboan izandako irakasle,ikasle zein norbanako guztiei. Mila esker, bihotz-bihotzez. Ezinbestekoak izan zarete gure zeregina errealitate bihurtzeko.

Hemendik aurrera, beraz, Sugaar EKM-K ez du talde moduan gehiago jardungo. Taldeko kide zenbaitek, ordea, unibertsitatean euskararen presentzia bultzatzeko eta indartzeko egiten diren ekintzetan parte hartzen jarraituko dugu, ahal dugun neurrian behintzat.

Baliteke oraindik goiz izatea egindako lanaren balorazioa egiteko, baina uste dugu bi ikasturte hauetan Sugaarren partaide izan garenok lana poztasunez, adorez eta ilusioz egin dugula. Ibili beharreko bidea luzea dela badakigu, zeregin asko dagoela oraindik, baina guk gure aurrekoen lekukoa hartu genuen bezalaxe, espero dugu gure ondokoek ere Sugaarren testigua har dezatela.

Horrela izango delakoan, eskerrik asko eta nahi duzuen arte.
Sugaar EKM

viernes, 27 de abril de 2012

"Euskarazko komunikabideen erronkak" hitzaldi-solasaldia, mundiala!

Kaixo, Sugaarlagunok!

Atzo, apirilak 26, "Euskarazko komunikabideen erronkak" hitzaldi-solasaldia egin genuen CRAI liburutegiko hitzaldi gelan.

Euskarazko komunikabideen orainari eta geroari buruz eztabaidatzeko, gonbidatu paregabe bi izan genituen gurean: Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria eta Jose Anjel Aldai "Zure ziztada behar dugu" kanpainaren arduraduna.

12:00ak pasatxo zirela, Sugaarreko kide batek ekin zion hitzaldiaren aurkezpenari. Horren ondoren, Martxelok hartu zuen hitza, eta ia ordu batez, euskarazko komunikabideen historia eta nondik norakoak azaldu zizkigun, gaur egungo egoerara zelan heldu garen zehaztasunez aurkeztuz. Martxeloren ostean, Jose Anjel Aldairen txanda heldu zen, eta "zure ziztada behar dugu" kanpainaren berri eman zigun. BERRIA taldeak dituen erronkei aurre egin ahal izateko sortutako kanpaina honek irakurle eta babesleen ekarpen ekonomikoak lortzea du helburu.

Aurkezpen biak amaituta, galderak egiteko eta eztabaidarako tartea zabaldu genuen. Ikusleek modu aktiboak parte hartu zuten, eta eztabaida interesgarria piztu zen.

Hitzaldia bukatuta, argazki erraldoia atera genuen liburutegiko kanpoaldean. Argazki hau "zure ziztada behar dugu" kanpainaren http://berria.info/berrialaguna/ web orrian  argitaratuko da laster. Ekintza sinboliko horrekin gure babesa eman nahi izan diogu kanpainari, Sugaar EKM zein Deustuko Unibertsitateko komunitatea ere haien alde dagoela adierazteko. Amaitzeko, luntx txiki bat ere egon zen.

Parte hartzeari dagokionez, 100 pertsonatik gora batu ginen hitzaldi gelan. Uste dugu ospatzeko eta pozik egoteko modukoa dela horrenbeste jende biltzea lortu izana! Aukera ezinhobea izan zen euskarazko komunikabideen gainean hausnartzeko, egoera hurbiletik ezagutzeko eta etorkizunari buruz gogoeta egiteko.

Zorionak eta eskerrik asko, beraz, hurbildu zineten guztioi! Hitzaldiko zenbait argazki dituzue ikusgai behean, espero dugu zuen gustukoak izatea!

Hurrengora arte, ondo segi!

Sugaar EKM

                                         Argazki erraldoia liburutegiaren kanpoaldean


                                         Hitzaldiaren ikuspegia

                                          Martxelo Otamendi berbetan

                                         Hitzaldiaren panoramika osoa

lunes, 16 de abril de 2012

"Euskarazko komunikabideen erronkak" hitzaldi-solasaldia

Kaixo, lagunok!

Proposamen berri batekin dator gaurkoan Sugaar EKM. Izan ere, datorren asteko ostegunean, apirilak 26, hitzaldi-solasaldi bat antolatu dugu, "Euskarazko komunikabideen erronkak" izenekoa.

Hitzaldi-solasaldia CRAI liburutegiko hitzaldi gelan egingo da, eguerdiko 12:00etan.


Bertan, euskarazko komunikabideen oraina eta etorkizuna izango ditugu eztabaidagai. Horretarako, gonbidatu berezi bi izango ditugu: BERRIAko zuzendari den Martxelo Otamendi eta Zure ziztada behar dugu kanpainako arduradun den Jose Anjel Aldai.

Euskarazko komunikabideen erronkei buruz eztabaidatzeko eta hausnartzeko aukera paregabea izango da. Beraz, ez galdu parte hartzeko eta hitzaldiaz gozatzeko aukera! 

Zatoz, zain izango gaituzu!!

Sugaar EKM

* Hitzaldi-solasaldiaren iraupena ordu batekoa izango da, gutxi gorabehera. Amaieran, galderak egiteko eta eztabaidarako tartea egongo da.

jueves, 5 de abril de 2012

Sugaar Ghynkana: munduko hizkuntzak ezagutu!

Aupa lagunok!

Martxoaren 8an, Letren Astearen barruan, Sugaar Ghynkana mundiala ospatu genuen! Dakizuenez, Sugaar Ghynkana munduko hizkuntzei eta, nola ez, euskarari buruzko mahai-joko erraldoi bat da.

Parte-hartzaileek, bi taldetan banatuta, munduko hizkuntzei eta euskarari buruzko galderak erantzun behar izan zituzten. Jokoari esker, munduan hitz egiten diren hizkuntzak hobeto ezagutzeko aukera izan genuen: zenbat hizkuntza hitz egiten diren munduan, zenbat kontinente bakoitzean, zenbat hizkuntza dauden galtzeko zorian... eta horretaz gain, euskarari buruz zenbat dakigun ere demostratzeko aukera izan genuen! Zer den euskalki bat, zein den euskaraz idatzitako lehen liburua... Parte-hartzaileek ondo baino hobeto erakutsi zuten gaian adituak direla!

Jokoa amaituta, denok esan dezakegu zertxobait gehiago ikasi dugula munduko hizkuntza aniztasunari buruz, baita gure hizkuntzari buruz ere!

Laster izango dugu elkarren berri... Aste Santutik bueltan ekintza berriekin gatoz eta!

Ondo izan!

Hemen dauzkazue Sugaar Ghynkanako zenbat argazki ikusgai:

                                          Parte-hartzaileak aurkezlearen azalpenei adi

                                          Ez da ulertzen?

                                         Dadoak zer esango zain...

                                         Amaierako argazkia: parte-hartzaile guztiok batera

miércoles, 7 de marzo de 2012

SUGAAR GHYNKANA HEMEN DA!!

Egunon lagunok!!

Egunak joan, egunak etorri, konturatu gabe martxoaren 7an kokatu gara!! Eta, martxoaren 7a izanda, zer gertatzen da bihar??
Letren Astea amaitzen dela Deustuko Unibertsitatean eta, aste hau amaitzeko modurik onena, nola ez, Sugaar Ghynkanan partea hartzea izango da!

Aurreko egunetan informatzen ibili bagara ere, beti despistaturen bat egoten da hortik; horregatik, Sugaar Ghynkana mahai-joko erraldoia izango dela gogorarazten dizuegu, munduko hizkuntzen eta, nola ez, Euskararen inguruko mahai-jokoa.

Gogor ekin diogu sugaarkideok lanari, biharko egunerako dena prest izateko. Hemen aurkezten dizkizuegu hainbat irudi:

 Diseinua erabakitzen

 Irudia, egina!

 Kasilak egin eta margotzera!

 Gutxi falta da!

Hemen da tableroa!

Hurbildu zaitezte bihar, martxoak 8, Giza eta Gizarte Zientzien Fakultateko 201.gelara, (Kristalezko eraikinaren ondoan, 2.solairuan); eguerdiko 13.00 hasiko gara jolasean.

Euskaraz jolasteko eta barre egiteko aukera paregabea izando da! Hurbildu zaitez!

viernes, 24 de febrero de 2012

SUGAAR ERE LETREN ASTEAN!

Arratsaldeok euskaltzaleok!

Hemen gara berriro ere zeuek informatuta mantentzeko helburuarekin. Zuetako gehienok jakingo duzuen bezala, Deustuko Unibertsitatean Letren Astea ospatzen da urtero, martxoan; aurten ere aste hori ospatu egingo da eta, nola ez, Sugaar Euskal Kultur Mintegiak ekintza bat burutuko du. Martxoaren 8a da egokitu zaigun eguna, eguerdiko 13.00-14.00 bitartean.

Eta galdetuko diozue zeuen buruari, ZER ANTOLATUKO OTE DUTE AURTEN?

Iazko SugaarQuiz-ek izan zuen arrakasta ikusita, mahai joko erraldoi baten ideiarekin egin dugu aurrera, baina formatu berri batekin. Munduari buelta emango diogu, gure hizkuntzaren eta munduko gainontzeko hizkuntzen inguruan gauza asko ikasteko aukera izango duzue eta, soberan dago esatea baina, primeran pasako duzu, ziur egon!

Jarraitu gure blog-a jarraitzen, gutxi barru informazio gehiago jasoko baituzue, bai hemendik, baita Tuenti, Facebook eta Twitterren bitartez ere.

ANIMA ZAITEZTE eta BIZI EUSKARAZ!

LASTER ARTE!

jueves, 9 de febrero de 2012

SUGAAR BERRIRO ERE MARTXAN DA!!

Kaixo euskaltzaleok!!

Atzerketa garaia amaitu da, eta honekin batera, estresa ere joan egin zaigu. Horregatik, gure ekintzak antolatzera bueltatu gara, gogo biziz, Deustuko Unibertsitatean euskaraz bizitzeko prest zaudeten guztiok gurekin eta gure ekintzekin goza dezazueten.

Zer prestatuko dugun???

Aaaaa, hori zeuek deskubritu behar duzue... Gure ekintzetan parte hartu nahi baldin baduzue, adi egon unibertsitatean zehar jarriko ditugun kartelei, horien bitartez emango baitizuegu beharrezkoa duzuen informazio guztia; eta nola ez, laguntzeko prest baldin bazaudete, pasa zaitezte astearteetan Deusto Kanpusetik (lehengo Gaurgirotik), eguerdiko ordubietan.
Hurrengo batzarra hilabete honetako 23an egingo dugu, iadanik gure hurrengo ekintza burutzen gabilelarik. Ez izan lotsarik eta hurbil zaitezte gugana!!

Ez birritan pentsatu, gurekin kontaktuan jarri nahi baduzue betiko lekuetan aurkituko gaituzue:
Tuenti: Sugaar Euskal Kultur Mintegia
Facebook: Sugaar Euskal Kultur Mintegia
Posta: sugaar.euskaraz@gmail.com

eta orain Twitterren ere aurkituko gaituzue: @SugaarEKM

ANIMA ZAITEZTE eta BIZI EUSKARAZ!!

LASTER ARTEE!!